Ederrena pilotalekuko teilatua energia-iturri bihurtuko da. DV

26 ekaina, 2023

Ederrena pilotalekuko teilatua energia iturri bihurtuko da, datorren maiatzean hegatzean jarriko diren plaka fotovoltaikoen bidez. Horien bidez, urtero udal eraikinek kontsumitzen duten energia elektrikoaren % 73,9 aurreztuko dute. Eraikin onuradunak hurrengoak izanik: Udaletxea, Aldiri kiroldegia, kultur etxea, liburutegia, Gaztebidean eta Bake Epaitegia.

Udalak urtarrilaren 13an ekin zion obra honen lizitazio prozesuari. Lanak Orion Proyectos S.L. euskal enpresari esleitu zitzaizkion martxoaren 20an, 88.120,73 euroko aurrekontuarekin. Horietatik zati handi bat berreskuratu ahal izatea espero da, Energiaren Euskal Erakundeari (EEE) eta Foru Aldundiari (horrelako jarduerak finantzatzeko programak dituzte) dirulaguntzak eskatuta.

Lan horien helburua 102,375 kWpeko eguzki-instalazio fotovoltaiko bat egitea izango da. Proiektuaren barruan, frontoiaren inguruan dauden udal-eraikinen kontsumoa aztertu da, eta, ondorioz, ekipamendu horiek urtean 150.228 kWh-ko energia-kontsumoa dutela ohartu da.

Ederrena pilotalekuko teilatuan proiektatutako eguzki-instalazio fotovoltaikoak urtean 111.026 kWh ekoiztuko dituela kalkulatzen da; beraz, horrekin lortuko den autokontsumoaren gehieneko ehunekoa % 73,9 izango da. Hau da, udal-eraikin horiek urtero kontsumitzen duten energiaren % 73,9 Ederrena pilotalekuan planteatutako instalazioak hornituko ditu.

Irailarako prest

Obrek 4 hilabeteko iraupena izango dute, 3 hilabete plakak hornitzeko eta instalatzeko eta hilabete bat martxan jartzeko. Aurreikuspenen arabera, lanak maiatzaren hasieran hasiko dira, eta iraila baino lehen amaituta egon daitezke.
Euskal Autonomia Erkidegoko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legeak ezartzen dituen betebehar eta epeei erantzuten die proiektuak, eta jarraipena ematen dio urteetan garatzen ari den udal energia-plangintzari. Lege horren arabera, 2030erako, udal-instalazioek kontsumitutako energiaren % 30 autokontsumotik etorri beharko da, eta, beraz, Ederrena pilotalekuan egingo den instalazio fotovoltaikoaren proiektua urrats garrantzitsua izango da helburu hori betetzeko, Urretxuko udal-instalazio guztiek kontsumitzen duten energiaren % 10 inguru lortuko baita. Hau da, lehen jarduketa horrekin Legeak ezarritako gutxieneko helburuaren herena betetzea lortuko da. Ederrena pilotalekuaren antzeko beste bi proiektu beharko dira, aipatutako Legeak ezarritako eskakizuna betetzeko.

https://www.diariovasco.com/alto-urola/urretxu/tejado-fronton-ederrena-transformara-fuente-energia-verde-20230414215747-nt.html